XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ia 114.000 pertsona harrapaturik daude uholdeengatik Txina iparraldean

Jiang Zemin Txinako lehendakariak hondamenaren aurka gogor borrokatu behar dela esan du

TXINAKO Mongolia barnealdeko eskualdean, 113.600 pertsona inguru harrapaturik daude uholdeengatik.

Behin eta berriro datu beldurgarriak iristen dira Txinatik.

Izan ere, jadanik 410.000 biztanle etxebizitzarik gabe geratu dira, kolera eta disenteriako 600 kasu antzeman dira eta 2.000tik gora pertsonek galdu dute bizia.

Bestalde, Pekineko agintariek atzo zirkular bat argitaratu zuten.

Zirkular horretan esaten zenez, beraien karguak utzi dituzten edo dirua behar bezala erabili ez duten funtzionarioak gogor zigortuak izango dira.

Dena den, Txinako agintariek diote gutxi izan direla aginduak betetzeari uko egin dioten funtzionarioak.

Jiang Zemin Txinako lehendakariak bere aldetik, 30 urtetan ikusi ez den bezalako uholde hauei aurre egin behar zaiela adierazi zuen; hala behar bada heriotzararte borrokatuz.

Hubei eskualdean, Gong'an aldean, Yangtze ibaiko dike bat dinamitatzeko aukera aztertzen ari dira.

Horrekin, ibaiko ura norabidez aldatu, eta milaka pertsonen heriotza ekar lezakeen hondamen bat saihestu nahi da.

Ildo horretatik, Huang Jianhongek, Txinako Alderdi Komunistak eskualde horretan duen idazkariak, honako hau adierazi zuen aste honetan: Dikea dinamitatzen badugu baldin eta Yangtze ibaiko urek gainezka egiteko arriskuan jarraitzen badute behintzat, 520.000 pertsona ingururen etxebizitzak eta ondasunak suntsituko dira, baina Wuhan, Hubeiko hiriburua bezalako hiriak salbu gera daitezke. Kontuan izan behar da horrelako hiriak milioika biztanle dituztela.

Huangek gaineratu zuenez, eskualde horretako jende gogor borrokatzeko prest dago, 1954an Gong'an suntsitu zuten uholdeak ez baititu inork ahaztu.

Uholde haiek mende honen bigarren erdiko latzenak izan ziren, eta 33.000 hildako inguru utzi zituzten.

Udara hasieratik hona Txina jasaten ari den uholdeak kalte latzak eragiten ari dira: hainbat hildako eta gaixotasun uzteaz gain, kalte materialak ugariak dira.

Horregatik, Frantziako Gobernuak adierazi du 38 milioi pezeta inguruko diru laguntza bat eskainiko diola Txinari (1.500.000 libera gutxi gorabehera).